EUSKADIKO LANDA GARAPENEKO LEGEA

Joan den 2022ko ekainaren 30ean, Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 7/2022 Legea onartu zuen. Lege horrek landa-garapenerako estrategia berri bat ezartzen du, euskal landa-ingurunearen garapen iraunkorra funtsezko faktoretzat hartzen baitu Euskadi osoaren aurrerapenean eta ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioan.

Legeak 3 helburu estrategiko garrantzitsu aipatzen ditu:

HE1. EAEko landa-eremua sustatzea eta zaintzea, bereziki nekazaritza-jarduerak eta mendi-eremuek hartzen dutena, lurraldea egituratzen eta bertako paisaia eratzen duen funtsezko elementu gisa.

HE2. Landa-eremuetan jarduera ekonomikoa sustatzeko eta dibertsifikatzeko erakundeen arteko koordinazioa bermatzea, herrialdeko ekonomia iraunkorra garatzen eta eremu horietan biztanleria eta zerbitzuak finkatzen laguntzeko, betiere lehen sektorearen jarduera errespetatuz, landa-eremuan funtsezkoa baita.

HE3. EAEko landa-biztanleriaren ongizate-maila eta hiri-biztanleriaren ongizate-maila berdintzea, eta landa-ingurunearen despopulazioa eta zahartzea lehengoratzea, Euskadiko gizarte- eta lurralde-kohesiorako funtsezko faktore gisa.

Landa-ingurunean zeharka jardungo duen gobernantza aurreratu berri bat ezartzea aurreikusten du, eta Landa Garapeneko Elkarteek (LGE) gaur egun egiten duten lana indartu nahi du. Halaber, lurralde-garapenera bideratutako kudeaketa-zerbitzu berri bat sortzea aurreikusten da, HAZI Fundazioaren barruan, Lurralde izenekoa.

Gainera, legeak Landa Garapeneko Euskal Sarea sortzea aurreikusten du. Sare horretan, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, EUDELeko, ACOA-AKEko (Arabako Kontzeju Elkartea), kuadrilletako, HAZIko (Lurralde), landa-garapeneko elkarteetako, tokiko ekintza-taldeetako eta, oro har, erreferentziazko lurralde- eta sektore-erakunde mota guztietako eta landa-garapenerako eskualdeko programen hedapenean parte hartzen duten agenteetako kargu instituzionalak eta teknikariak txertatuko dira.